SERAZLN-ZACH ESRAZ URTARRILAREN LEHENA EPRAZS CELMRAZ
NORK: SERAZLN-eko Koordinazio Orokorrak. Oventic-en, Chiapaseko Goialdean, II. Barraskiloan (Gizateriaren aldeko Matxinada, Zapatisten Bihotz-Muina Mundu Osoaren eta Ama Lurraren aurrean). 2005eko apirilaren 8an.
NORI: Gaztelera eta Hizkuntza Maien Ikasgune Matxino, Autonomo eta Zapatista (CELMRAZ) aurrera eramaten laguntzen diguten mundu osoko anai-arrebei. Egitasmo hori denon ahaleginez sortukikoa da hain zuzen ere, gure arteko ezagutzak, kulturak eta borrokak partekatzeko, eta bertan, Oventicen, kokatu dugu "Urtarrilaren Lehena" ESRAZen eraikinaren ondoan, eta SERAZLN-ZACHren zuzendaritzapean.
Lehenik eta behin, jaso itzazue gure agurrik beroenak Koordinazio Orokor honen aldetik, baina baita EPRAZeko neskato eta mutiko guztien aldetik, eta gure Hezkuntza Sistema Zapatistaren ikasleen eta sustatzaileen aldetik ere. Hezkuntza Sistema Zapatista bada egun, egunero-egunero jende askoren ahaleginari eta ausardiari esker, non nahi izan dugun heziketa modu bat eraiki bere baitan hezteko bide ugari biltzen dituena. Hori guztia, gure idealekin bat egin duten eta lagundu diguten nazioarteko erakunde eta pertsonekin batera. Eta bateginik gaude hainbat idealen bila: Demokrazia, Askatasuna, eta Justiziaren alde, gizateriaren alde eta liberalismo berriaren aurka, gure Ama Lurraren alde, mundu zabal baten alde, non gure hizkuntzak, kulturak, erlijioak, pentsakerak, alaitasunak eta bestelakoak partekatzeko aukera izango baitugu guztiok, mundu zabal baten alde non aniztasunak, begiruneak eta anaitasunak elikatuko gaituzten elkarrekin aurrera egiteko, Ama Lurra gero eta handiagoa egiteko, zeren bera baita gure aspaldiko erroen berri dakien bakarra, eta horregatik, hain zuzen ere, berak indartzen gaitu herri bezala bostehun eta hamairu urte dirauen erresistentzia luze honetan. Iragana, oraina eta etorkizuna. Hori guztia gara gu, zuek zareten bezala. Horregatik, hain zuzen ere, zuentzat gure agurrik berorena eta besarkadarik bihotzezkoena.
Nahi genuke gure hitzak zeuen bihotzetara eta zeuen buruetara iristea. Hala hitz egiten eta idazten dugu guk, eta zuek ere bai. Halaxe egingo ez bagenu, ez lirateke gure agurra eta hitza izango matxinadaren eragile.
Oraingo honetan deia luzatzen dizuegu gu lguntzen jarrai dezazuela, zeren borrokak aurrera baitirau, zeren erresistentzian diren gure herriek jo eta ke jarraitzen baitute hezkuntza eredu autonomo, askatzaile eta elkartasun sortzailea eraikitzen, bai Mexikoren alde, bai mundu osoaren alde.
Nola gu lagundu? CELMRAZ-era ikasleak bidaltzen, zeren hona gaztelera eta tsotsil ikastera datozen ikasleek bere diru-ekarpenaz laguntzen baitute "Urtarrilaren Lehena" ESRAZeko ikasle eta sustatzaileentzako elikagaiak eskuratzen.
Gero eta handiagoak dira bigarren mailako ikastetxearen beharrak, zorionez gero eta gehiago baitira geurera ikastera datozen ikasleak, gero bere herrien zerbitzura arituko diren horiek beraiek. "Urtarrilaren Lehena" ESRAZ ikastetxeak 140 ikasle hartzen ditu bere baitan, Chiapaseko Goialdeko bost herrialde autonomoetatik datozenak. Horregatik da hain garrantzitsua lagun horiei guztiei jatekoa ematekoa, eta hori konponbidean jar daiteke zeuen laguntza eta partehartzeari esker.
Orain arte ez da falta izan nazioarteko anai-arreben parte hartzea, eta honi esker ikastetxearen hainbat behar asetzeko adina eskuratu dugu, baina, hala ere, are laguntza gehiago behar dugu gure ikasle gazteen elikadura ziurtatzeko. Horregatik berritu nahi dugu gure deia mundu osotik datozela anai-arrebak, Europatik, Asiatik, Ozeaniatik, Afrikatik eta Latinoamerikatik etorri ere, gure II. Barraskilora, CELMRAZen gaztelera eta tsotsil hizkuntzak ikastera. Era berean, zuek hona etortzean, gure hezkuntza bidean hartzen duzue parte, zeren zeuek barrenean esperientziez, ezagutzaz eta borroka bizipenez beterik baitzatozte eta gurekin partekatzen baitituzue, guk gureak zuekin egiten dugun bezala. Bide batez eskatzen dizuegu gure orrialde elektronikoa bisitatzeko: www.serazln-altos.org eta www.serazln-altos.org/celm.html . Bertan hemen baino hobeto emango dizuegu gure lanen berri. Garrantzitsua da hainbat erakunderen eta talderen orrialde elektronikoen arteko loturak egitea, zeren horrela gaindituko baititugu boteredunek ezartzen diguten blokeo informatikoa. Blokeo hori gainditzeko, lotura bat egitea, edo informazioa zabaltzea, bada nolabait gure borrabidea ere. Zeuen aldeko erantzuna espero dugu. Zeuen laguntza indarra da guretzat, eusten jarraitzeko eta heziketa gizatiar, elkartasun eragile, eta askatzailea eraikitzeko, hitz batez, behekoen hezkuntza mota altzatzeko zapalketa orotik at.
- Herrien hezkuntza kolektiboa eskubidea da
- Hezkuntza autonomoak kontzientziak ereiten ditu
- Gure hezkuntza autonomoaren sustatzaileak dira gizateriaren aldeko hezitzailerik hoberenak
- Zorionekoak justiziaren egarri direnak
BIHOTZEZ
DEMOKRAZIA, ASKATASUNA ETA JUSTIZIA
SERAZLN-ZACHeko Koordinazio Orokorra